2014ko Apirilaren 11a
Euskal Herria Zuzenean festibalaren 19.edizioa heldu den Ekainaren 27/28/29an iraganen da Lekornen. Etorkizunari begira antolatzaileei segurtasuna ematen digun informazioa, Lekorneko Herriko Etxearekin berriki izenpetu dugun 4 urterako partaidetza da dudarik gabe, EHZren 20.urteurrena lasaitasun osoz Lekornen ospatzea ahalbidetuko baitigu.
Festibala gero eta hurbilago dugu... eta ohiko errezeta ez da aldatzen: 3 egun, akanpaleku 1, 3 aparkaleku, 5 eszena, 60 ikusgarri, 15000 pertsona, 1500 oihaletxe, 650 laguntzaile...
Ohi bezala, afitxa-buru, tokiko talde eta ezagutzekin osatu dugu aurtengo afitxa ere. Iragarpena hain berant egitea, borondatezko erabaki bat da guretzat. Aurten, atxikiak zaizkion proiektu batzuk bultzatzeko aukera izan du EHZk: -EhrZ musika lehiaketa sekulako arrakasta da adibidez -Eztabaidaguneko programazioaren iragarpena ere momentu azkarra izan da guretzat, festibal garaian gogoetak zinezko lekua bat duela erakutsi ahal izan baitiogu publikoari -ehKz gazte komunikazio proiektuaren abiatzeak ere, euskal gazteriak lurralde honetako eragile izateko duen borondatea erakusten du, horrelako proiektuekin hartzen du funtsa EHZk. -EhttipiZ haurren egunaren antolaketa zinezko berritasun bat izanen da. -Paraleloki, Donostia eta Iruñeko gazteekin besteak beste, proiektu anitz sortzen ari gira eta ondoko asteetan egikarituko ditugu.
2013-2014 ikasturtean ere, gogoeta, bilkura, buruhauste, irri karkaila, topaketa eta lan anitz izan dugu. Festibala, esperientzia horien bururapen bat bezala heltzen da. Egin dezagun beraz 3 egun horiekin, nahi dugun Euskal Herriaren erakusleiho bat, irudikatzen dugun jendartearen erakusleiho bat: anitza, elkartasunean oinarritua eta bere nortasunaz jakitun.
Estilo aniztasunean oinarrituko da gau eta egun bakoitza. Amets egiteko reggae-a, hip-hop mitiko eta engaiatua, gure erokeria iratzartzeko rock-a, elektro punk-a bolumen azkarrean, etab. Baina hori guzia, festibalaren zutabe nagusia Euskal Herria dela ahantzi gabe... eta gurera zentratuak egonik ere, munduari irekitzeko ohiko borondatearekin. Hori horrela, euskal taldeek eta kultura zapalduek behingoz libreki hitza har zezaketen nazioarteko musika lehiaketan parte hartu dutenek ere, beren tokia izanen dute eszena nagusian.
EHZk helburu berdinak ditu urtero, formula berdina, osagai berdinak; baina programazioaren aberastasuna baino gehiago, parte hartzaileek, laguntzaileek, ikusleek eta inguratzen duten jendeek eginen dute festibal berri eta desberdina 2014ean.
Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2012