eu fr


Orratzetik hari

2014ko Maiatzaren 14a

elkartea

Kanbo, Bordart karrikako 3.ean, otsaila hastapenaz geroz plantatua den OH ! elkartea, jostun talde bat da, ehunak eta jos daitezkeen gaiak (josi eta mekanikatik pasa daitekeen oro) berrerabiliz eta berreskuratuz, sortu, transmititu eta sentsibilizatu nahi duena.

Elkarturik, sareak, jakitateak, egin moldeak eta materiala elkar juntatuz, jostunek etxe hori biziarazi nahi dute ehunen birziklatzea (berrerabiltzea eta bestelakotzea), jakitateen transmisioa (joste, trikotatze, brodatze, kakorratz lan) eta belaunaldien arteko topaketa oinarri.

Zer kausi daiteke hor?

Piltzar saltegi bat (jostunek berek sailkatu bigarren eskuko jantziak), berreskuratu gaiekin beren eskuz egin sorkuntzen toki bat eta, udaberriaz geroztik, EHZ festibaleko tixerta hondarretarik egin bilduma berria (bilduman bada orotarik: galtzoin, kulota, xingola, gona, gizon polo, gau-ainara soineko, tunika, zaia, bularretako top, haur zaia).

Joste eta ehun ateleriak jendeari idekiak: trikotatze, kakorratz lan ikaste, jantzi bestelakotze eta apaintze erretxa, apaindura ttipien josteko ateleria, ehuntze sortzaile ateleria, egokitze ttipi ikaste, janari paketatze plastikoen joste ateleria, eta buruiletik aitzina 3 hilabeteko saio bizia josteko oinarrien ikasteko. Atelerien prezio eta egunen jakiteko dei itzazue. 06 81 35 89 41 – [email protected]

Lan egiteko toki bila ari diren jostunentzat lan eremu bat. Baldintzetarik bat da, dituzten sorkuntzetarako gai berreskuratuekin arizan behar dutela. Horko jostunek partikular eta taldeen galdeei erantzuten diete (izariko fabrikatze eta eskaera bereziak). Mertzeriagai alternatiboa, ehuna metraka erosteko paradarekin ala zatiak pisuaren arabera. Bestarako ala antzerkirako mozorrotze zerbitzu bat (alokatuz ala erosiz). OH! elkartea da. Proposatuak diren zerbitzuen baliatzeko (saltegia, ateleria, mertzeria, mozorroak), eskatua da proiektuaren kide bilakatzea, urteko 20 euroren truk.

EHZ festibalaren bilduma – Zergatik? Nola?

OH ! Eta EHZ-ren artekoa aspaldikoa da. Edireite bat gau batez, metro 1 eta erdi gorako ostatu kantoin batean (manatzeko ez da hain aise 1,12 m gorako batentzat!)

OH !-k proposatu dio beraz EHZ-ri, alfer zaukan tixerta andanari balio berri baten ematea, berrerabiltze eta bestelakotze ekimen alternatibo baten bidez. Hamabost bat modelo entsegu egin dira lehenik eta hauetarik 10 atxiki. Festibalaren antolatzaileak xarmaturik utzi dituzte. Ez bat ez bi, hordago erran die! Bilduma horretan kausi daiteke beraz orotarik: galtzoin, kulota, xingola, gona, gizon polo, gau-ainara soineko, tunika, zaia, bularretako top, haur zaia. Fabrikatzearen betebeharrak? Pentsa zer den jantzi berrien egitea jada hor diren modeloetarik (izarien eta mozte betebeharrekin). Epe laburrean fabrikatu, saltze prezioaren ez punparazteko. Deus ez erosi. Alabainan, galtzoin eta kuloten elastikoa ere berreskuratua da. Bestelakotu ondoan, eginahala hondarkin guti egin. Ile xingolak demagun (Emma serigrafiarekin margotuak) tixerta mangetarik ala gona soberakinetarik eginak izan dira.

Prezioa zeren araberakoa da beraz?

Kanbon, eskuz eta lekuan berean egina, 10 eurotan orena, mertzeriagairik erosi gabe. Festibalak 5 euro eskuratzen ditu saldu jantzika. Bai, hala da, josteko behar da denbora!

orratzetikhari.blogspot.fr>

Igo



Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2012

e-berripapera jaso ezazu!