eu fr


Besta bai, gogoeta ere bai!

2014ko Martxoaren 20a

elkartea

Piztu sortu zenetik orain arte, EHZ beti trukaketa, eztabaida eta hausnarketa gune garrantzitsu bat izan da, urtean zehar zein festibal denboran. Aurten, EHZ munduko populu zapalduen adierazpen gunea izanen da, aniztasunaren eta elkartasunaren indarrak elikatzeko xedearekin.

Gune berri bat, deneri idekia eta urririk!

Duela zonbait urte, eztabaidari leku berezia egin zitzaion festibalaren bihotzean, ” Gogoeta gunea ” sortuz, konferentzia, mahain inguru, tailer, erakusketa, zinema eta irakurketa-aisialdi espazio bat proposatuz.

Heletatik Lekornera, kontzeptuak segitu gaitu eta aurtengoan, gune horrek dimentsio berri bat hartuko du, leku zentrala izanez festibalan zehar eta gure lemaren deklinatzeko tresna ezin hobea bilakatuz.

Formaren aldetik, ”gogoeta gunea” Garroa gaztelu barnera mugituko dugu, espazio gehiago eskaintzen duen gela babestu batean, baldintza idealetan. Eta toki aldaketa horrekin batera dator gure aspaldiko xede bat : espazio hori urririk izaitea. Horrek erran nahi du jatekoa eta edariak eskainiak izanen direla egunean zehar eta gunera hurbiltzeko sarrera berezi bat asmatuko dugula ; halaere, zehazten dugu gunea kopuruan mugatua izanen da eta ezin izanen dira 300 pertsona baino gehiago sartu ber mementuan.

Mintzaldi eta mahai inguruen artean, tailerrak, musika, erakusketa eta dokumentalak proposatuak izanen dira gunea espazio ezberdinetan banatua izanen delarik.

”Aniztasunaz irauli, kultura erein !”

Iaz, Euskal Herriko indarrak bildu genituen Auzolana eredutzat hartuz.

Aurten aniztasunaren eta elkarlanaren indarrak aztertzen saiatuko gira, populu eta ikerlari ezberdinen lekukotasunetan oinarrituz, beti modu partehartzailean.

Gure leloa sinplea bezain garrantzitsua da : ez da populu ala kultura bat bestea baino gehiago balio duenik. Kultura ta populu bakotxak denon aberastasuna bermatzen du eta amalurraren bioaniztasunarekin egia dena, kultura ta populuekin egia da. Sistema homogenizatzailearen parean, aniztasuna aldarrikatzen dugu, bakotxaren burujabetza oinarri, populu zapalduen arteko elkartasuna sustatuz.

Gu bezala beste populu andana batek kultura ta gobernamendu baten kolonialismoa pairatzen du; ta gaur egun arte beren kultura bermatuz populu izaiten segitzen dute. Haien borrokek, haien ibilbideek, haien izaiteek aberastuko dute aurtengo festibalaria. Kurdistan, Azawad, Katalunia, Kebek, Andaluzia, Eskozia, Kabilia…barnetik ezagutzeko aukerak izango ditugu.

Puntazko egitaraua : Populu zapalduen lekukoak... eta Chomsky

Hiru egun baizik ez dira baina burumuinak bero bero izanen dituzue eskaintzen dizuegun hizlari zerrenda ikusita. Hizlari guziak ez dira hor, baina aurkezpen labur batzuen bidez, egitaraua aberats honen aintzin gustu bat eskaintzen dizuegu.

Begiratu behereko pdf-a

Igo



Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2012

e-berripapera jaso ezazu!