eufr



EHrZ: aurtengo edizioaren bilana

2012ko Apirilaren 25a

Aurten, EHrZ lehiaketaren bostgarren edizioa izan da eta 65 taldek parte hartu dute. Talde horietarik hamabi aurrehautatuak izan dira publikoaren belarriek, haien geroa erabakiko zutelarik. Orotara 13000 botz baino gehiago egon dira eta publikoaren bozkak Bluestock taldea zuzenki finalera bidali du, Anai Arrebak taldea epaimaiaren hautua izan delarik. Beste hiru talderentzat finalerako bidea Donostiatik pasatuko zen.

EHrZ 2012, Euskal Herri osoko musika hitzordua.

Berrikuntza haundia, finalerdia Donostiako Intxaurrondo gelan antolatzea izan da, martxoaren 23an. Gauzak errexteko, EHZk autobusak antolatu ditu Garazi, Uztaritze, Baiona eta Biriatutik eta orotara 150 jende bildu dira Intxaurrondon finalerdiaz gozatzeko. Vendetta afitxa burua aintzin, The Enterprise (Baiona), Vuelko eta Materia Gris Band taldeek haien indar guzia eman dute lehian. Baina finalerako leku bat baizik ez zen, eta The Enterprise-ek lortu du.

EHZ festibala begibistan.

Bukatzeko, lehiaketaren finala haundia Miarritzeko Atabal gelan iragan da, Bluestock, The Enterprise eta Anai Arrebak taldeen artean. Orotara, 400 pertsona elkartu dira kontzertuen ikusteko.

Aurtengo irabazle haundia Anai Arrebak taldea izan da, Pasai Donibaneko funk/soul taldea. Ondotik, Lisabö eta Nasser-en aldi zen giroa berotzea.

Aurten ere, EHrZ lehiaketaren bidez, talde batzuk Euskal Herriko eszenan lehen pausu baten egiteko parada ukan dute eta besteek haien fama haunditu ahal izan dute.

Izpirituaren aldetik, 2012ko edizioak ongi erakutsi du EHrZ Euskal Herri osoa hunkitzen duen lehiaketa dela. Finalerdia sentsu honetan egina izan da (Donostian), eta aintzinamendu simboliko azkarra izan da.

Mamiaren aldetik, edizio hunek euskal musika talde berrien sorkuntza indarra ongi erakutsi du, hala nola 2006etik parte hartzaileen kopurua etengabe gora doa. Publikoari doakionez, bi kontzertuek gutti gora behera 550 jende erakarri dituzte.

Euskal Herriko musikak ez du bere azken hitza emana oraindik.



Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2012

e-berripapera jaso ezazu!